• 17
    AZA

     HIZKUNTZA ZAPALKUNTZAREN AURREAN,

    ESKOLA EUSKALDUNA!

    EUSKARAZ BIZI!

     

    Euskarak bere herrian, Euskal Herrian bizi duen egoera latza Euskal Herrian Euskaraz eragile euskaltzaleak behin eta berriz azaleratu duen errealitate gordina da. Herri euskalduna zapalduta dagoela esatea beraz, ez da berria mahai honen atzean gaudenontzat.

    Euskaldunok, mendez mende pairatu ditugu herri honen asimilazioa helburu izan dituzten saiakera eta estrategiak. Areago, hizkuntza-ordezkapena bera izan da anitzetan eta etenik gabe estrategia horien oinarrian. Euskal Herriari izena eta izana eman zion eta ematen dion hizkuntza zapuztu nahian errotzen da batez ere frantziar eta espainiar nazionalismoek bideratu asimilazio prozesua, eta aipatu asimilazio eta ordezkapen prozesuei aurre egiteko hautuan jarraitzen du tinko EHEk oraindik ere.

    Hartara, ikasturte hasieran markatu genituen kurtso berri honetarako erronken artean ezarri genuen zapalkuntzari aurre egitearekin batera, asimilazio prozesua gainditzeari begira EHEren dinamika propioak osatu eta indartu behar genituela, eta horretara gaude. Norabide horretan baina, ezin dugu alderatu euskararen herria berreuskalduntzeko bidean ere bidea egin beharra dagoela. Maila juridikoan, euskarak gaur eguneko menpeko estatusak gainditu eta lehentasunezko estatusa izatea bultzatuz; maila sozialean, norbanako bezala eta komunitatearen baitan autodeterminazio ariketa gisa euskaraz bizitzeko hautua indartuz; eta maila politikoan hizkuntza politika burujabea garatzeko herri eskubidea aldarrikatuz.

    Izan, egin eta eragin. Guztiak dira beharrezkoak Euskal Herri euskaldunaren bidean.

    Ezabaketa Astea azaroaren 20tik 27ra izango da aurten

    Arestian aipatu guztia kontutan hartuta, iritsi da berriz EHEk urtero deitzen duen Ezabaketa Astea iragartzeko unea. Duela hiru hamarkada baino gehiago hasitako bideari jarraiki, berebiziko garrantzia izaten jarraitzen du Euskal Herri euskalduna eraikitzeko bidean euskara eta euskaldunok norbere herrian enegarren mailako herritar izatera kondenatzen gaituzten hizkuntza politika menperatzaileak eta horien oinarrian dagoen lurralde zatiketa salatu eta ikustaraztea. Hortxe kokatzen dugu EHEtik Ezabaketa Astea.

    Ezabaketa Egunak bezala hasi ziren bide egiten ekimen hauek duela hainbat urte, eta laster hartu zuten abiada eta hedadura, egitasmoa Ezabaketa Aste bihurtu arte. Herritarrek gainera, bere kabuz hartu zuten protagonismoa ekimenaren baitan eta ezabaketa andana agertzen da EHEko talderik ez dagoen inguruetan ere, eragilearen irudiarekin batera. Luzerako izaten jarraitu dezala. Izan ere, Euskal Herriko paisaia linguistikoa erabat arrotza da oraindik orain eta edonon ikusi daitezke, eremurik euskaldunenean ere, frantsesez zein espainolez idatzitako afixa, letrero, panel, idazki, eskaera-orri, publizitate, bando, eta abarrak.

    Ezabaketa Astea paisaia horri buelta emateko jaio bazen ere, urteetan moldatzen eta garatzen joan den ekimena da, eta aurten, berrikuntza gehiagorekin dator. Iaz, lurralde-zatiketa eta bertatik eratorritako hizkuntza-politiken ondorioak azalerazteko helburua jarri genion egitasmoari. Aurten aldiz, ideia horretan sakondu eta aipatu zatiketatik eratorritako hizkuntza-politiken ondorioak bistaratzeko ahaleginean sakonduko dugu, irakaskuntzaren alorrari leku berezia eskainiz, baina aurreko helburuak ahaztu gabe; Frantziar eta Espainiar Estatuek aspaldian hasi zuten Euskal Herria asimilatzeko estrategian leku berezia izan baitu betidanik irakaskuntzak. Aurtengo Ezabaketa Asteak hala, ‘HIZKUNTZA ZAPALKUNTZAREN AURREAN, ESKOLA EUSKALDUNA!’ leloa barreiatuko du Euskal Herrian zehar

    Alor horretan zehazki, hainbat iruzur eta eraso bizi izan ditu herri euskaldunak betidanik. Horien artean, azken urteetan aplikatu zaizkigun hizkuntza ereduak. Eskolatik hasita ekin dute erasoaldian ikasleen euskalduntzeko eskubidea urratuz. Eredu zaharrak agortuta, eredu berriekin datoz orain; euskararen kalterako beti, hizkuntza berriak sartuz.

    Frantziar Estatuak euskara onartu ere egiten ez duen legedi baten baitan urratsak eman daitezkeela irudikatu nahi du. Lan horretarako delegatu bikaina du Euskararen Erakunde Publikoan (EEP). Euskalduntzea bermatuko duen ereduaren alde egin beharrean, Nafarroa Behere, Lapurdi eta Zuberoako herritarrak bertako hizkuntzan analfabeto izatera kondenatzen ditu; eta ofizialtasuna baztertzeaz gain, irakasle euskaldunak ere ez dituzte bermatzen. UMP da horren erantzule nagusia.

    Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan aldiz, urteetan indarrean izan den A, B eta D ereduen moldeak huts egin du. Ikastetxetik ateratzeko unean 3tik 2 ikaslek ez dute bertako hizkuntza den euskara behar bezala menperatzen. Euskararen ezagutza bermatu ez, eta hiru eleko eredu berria sartu du Celaáren Hezkuntza sailak D ereduko matrikulazioa %75era iritsi denean. Eredu berriarekin euskararen kaltetan gaztelera eta ingelera indartuko dira; jadanik euskalduntzen ez duten eskolei hauspoa emanez. PSE-EE da horren erantzule.

    Nafarroa Garaiaren kasuan, ikasleen eta oro har euskaldunon hizkuntza eskubideak hiru eremutan zatikatzen dituen Vascuencearen Legean oinarrituz, hainbat eraso eta iruzur abiatu dituzte. A, B eta G ereduen porrotaren ostean gainera, HELLO haur eskolak eta TIL eredua ezarri dituzte. Zer esanik ez Lanbide Heziketa eta Unibertsitate munduari dagokionez. Alberto Catalanen Hezkuntza kontseilaritzak ikasleen euskalduntzea dauka jomugan, eta bere helburu bakarra, Nafarroa Garaitik euskara ezabatzea eta euskaldunak enegarren maila batera baztertzea da. UPN da horren erantzule.

    Ezabaketa eta ekimen andana larunbatetik aurrera

    Aurtengoan hortaz, irakaskuntza egitasmoaren erdigunean kokatuta eta egoeraren erantzuleei zuzeneko markajea eginez hasiko dugu Ezabaketa Astea. Azaroaren 20an bertan, asteari hasiera indartsua emateko ekimenak abiatuko ditugu. Donostian esaterako, Kalejira koloretsua eta aldarrikatzailea hasiko dugu 12,00etan Bulebarretik PSE-EEren egoitzaraino. Bidean hasiko dugu praktikan egitasmoa, eta gure ahotsak ozen entzunarazteaz gain, esku-orriak eta pegatinak banatuko ditugu helmugara heldu bitartean. PSE-EEren egoitzako erantzuleen aurrean, 12,30ean, elkarretaratzea egingo dugu, aipatu lelopean.

    Iruñean UPNk duen egoitzaraino ere iritsiko dira aldarrikapen eta koloreak, azaroaren 20an bertan, 12,30ean, lelo berdinarekin.

    Bukatze aldera, azaroaren 26an, Donibane-Lohitzune eta Ziburu artean, UMPko Michelle Alliot Marieren etxe ondoraino, bertso-ezabaketa-poteoa egingo dugu, iluntzeko 18,00etan hasita.

    Azaroaren 20tik 27ra bitartean halere ekimen mordoak hartuko ditu Euskal Herri osoko kale, eskola eta bideak.

     

    Euskalduntzen ez duten ikastetxeetan esku-orri banaketak eta kanpaina informatiboak, bazkariak, mural margotzeak, bideo-emanaldiak, ezabaketa-kalejirak, ikastetxeetan paroak, herri eta eskualde mailako ezabaketa-bizikleta-martxak, udaletan ekimenak, lunch-ak, ezabaketa-olinpiadak… Eta nola ez, urtero bezala, paisaia linguistikoa erdarez josten duten ehunka euskarriren betiko ezabaketak. Bistan da irudimena ez dela falta.

    Esan bezala, hainbat dira aurten Ezabaketa Astea hezurmamituko duten ekintzak, eta horiei gehitu beharko dizkiegu aste horretara batuko diren euskaltzale konprometitu eta aktiboek egingo dituzten ezabaketak. Zentzu horretan, EHEtik dei egiten diegu herritarrei, beraiek ere hizkuntza zapalkuntza agerian uzteko ekimena bultzatu eta tokian toki iragarriko diren ekimenetan parte hartu dezaten.

     

    EUSKARAZ BIZI!

    HIZKUNTZA ZAPALKUNTZAREN AURREAN, ESKOLA EUSKALDUNA!


    EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ (EHE)

    2010eko azaroaren 17an, Iruñean.